Etxeak
Nahiz eta osorik lau etxe bakarrik induskatu diren eta beste hainbeste partzialki, oinplano-diseinu bera (laukizuzena, kalera daraman atea alde txikiagoan duela eta kontrako aldetik harresiari atxikita) eta antzeko barne-banaketa dute guztiek. Hori bai, eraikuntza-alde nabarmenak daude herrixkako behe-estratifikazioko etxe iragankorren eta, amortizatu ondoren, gainean altxatu zirenen artean. Izan ere, lehenak “zutoin, adar eta lokatz-estalkiekin” eginda daude, eta, azkenak, “harrizko zokaloekin eta adobezko altxaerekin”. Hala, lehenengoen egitura hauskorra da, distantzia laburrera lerrokatutako lizar-zurezko zutoin txikiz egina. Zutoin horiek lokatzez estalitako landare-egitura bat zuten gainean; bestetik, haien artean, askatasunez mugitzeko bitarteko korridoreak uzten zituzten. Ziurrenik, bi isurkiko teilatua zuten, luzetara. Bigarrenek, aldiz, karga-horma mehelinak partekatzen dituzte, luzetara, eta morterorik gabeko harlangaitzezko zokalo batetik altxatzen dira, eta adobezko altxaera dute, eta landare-tailatua, isurki batekoa, harresitik kaleraino; bi zehar-habe edo gatzarik hiru ataletan banatzen dituzte, zeinak alboko karga-hormetan eta beste hainbeste erdiko bi zutoinetan (arrastoa utzi duten lurrean) sustengatzen baitira.
Barne-egituraketari dagokionez, oro har, Cortesko (Nafarroa) Gurutzearen Gainaren indusketak klasiko bilakatu zuen banaketari jarraitzen dio (behe-solairua, hiru zati): atari bat atearen atzean, non labea egon ohi baita; erdiko gela edo gela nagusia, sutondo bat erdian (buztin erregogorreko plaka angeluzuzena, albo batean atera begira dagoen bozel bat duena, aire-korrontea bideratzeko); eta, azkenik, gelaren hondoan, despentsa, lur zapalduzko bankuak dituena hormaren ondoan eta angeluan jarrita, margotuak. Nahiz eta erregistro arkeologikoak ez berretsi, zutoin-oinarri batzuek zoruan utzitako aztarna negatiboek erakusten dute, edo, gutxienez, iradokitzen dute, etxearen hondoan, isurki bateko teilatuak harresiarekin bat egiten duen tokian, materialak eta elikagaiak gordetzeko ganbara bat egon zitekeela. Ziur aski, harresiaren erronda-bidera ere irits zitekeen ganbara horretatik, azkar eta eroso iritsi ere, erasoa edo arriskua izanez gero etsaiari aurre egin ahal izateko.