Eraikina. Sagarcho kontserba-fabrika
Las Eretas Museo Arkeologikoa antzinako industria-eraikin interesgarri batean dago, Sagarcho kontserba-fabrikan, zehazki. Joan den mendearen erdialdean eraiki zen, eta behar bezala zaharberritu eta egokitu da indusketan berreskuratutako pieza arkeologikoak (erremintak, zeramika-piezak, haurren hilobiak, errauts-kutxak, elikadura-hondarrak, etab.) kokatzeko. Horiek hobeto ulertzeko, erakusketa-elementu lagungarriak daude. Museoak beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen dizkie bisitariei.
Eraikina 1958tik 1959ra bitartean eraiki zen, kontserba-fabrika izateko, Pablo Chocarrok eta Jesús Sagardoyk “Sagarcho” sozietatea eratu eta gutxira (1958ko ekainaren 26an sortu zen, Tafallan). Lanean egon zen urteetan, fabrikak Berbintzanako bizilagun askori lana eman zien, batez ere emakumeei. “Sagarcho” etiketarekin komertzializatutako kontserba-latak (tomateak, piperrak, melokotoiak eta zainzuriak) ekoitzi zituzten.
Eraikin sendoa da, beheko solairukoa, “U” formako hiru hormarterekin. Hego-mendebaldera irekitako patioa du, eta bi isurkiko estalkia. Altzairuzko tirantez (teileria mekanikoko adreilu trinkoko pilareak euskarri dituztenak) tenkatutako hormigoi armatuzko arku eta taulen bidez eraiki da estalkia. Museoa eraikinaren erdiko hormartean dago.