Museo y Yacimiento Arqueológico de las Eretas
 

Ruta: Inicio >> La Edad del Hierro en Navarra

Burdin Aroa Nafarroan

Historiografia

Eskualde honetako erromatarren aurreko aldiaren ikerketak arkeologiak emandako informazioetan oinarritu dira antzinatik, garai haietako giza komunitateen izaera agrafoa zelako. Lehen erreferentzia historikoak zeharkakoak, berantiarrak, laburrak eta nahasiak dira, Ebroko haranaren konkista erromatarraren testuinguruaren ondorio. Gainera, idazkeraren agerpena nahiko “modernoa” da gure lurraldean, K.a. II. eta I. mendeetan datatu baita. Garai harietatik, populatzea hierarkizatzen zuten zenbait hiri indigenen edo oppiden izenak ezagutzen ditugu; izan ere, orduantxe hasi ziren, estatu-mailako erakunde politiko gisa (hortaz, herrixka txikiz osatutako lurralde bateko gobernu-egituren egoitza gisa), txanponak egiten, beren izen eta ikurrekin, Erromari zergak ordaintzeko, hasiera batean.

Aldi hartako ikerketa arkeologikoari buruzko daturik zaharrenak 1870ekoak dira: Juan Iturralde y Suitek, Nafarroako Monumentuen Batzordetik, hainbat hilobi eta kobazulo induskatu zituen Etxaurin, non lehentxeago, arma eta burdinazko tresna ugari aurkitu baitziren, Pere Bosch Gimperak 1921ean aztertuko zituenak. Ordutik hona, arkeologia-prospekzio eta -indusketa ugari egin dira Nafarroako Foru Komunitateko Erdialdeko eta Erriberako eremuetan, bibliografia-atalean jasoak unean-unean.

Nafarroako Gobernuak argitaratutako DE ALDEAS A CIUDADES. El poblamiento durante el primer milenio a. C. en Navarra (klik egin deskargatzeko) liburuan, Javier Armendáriz Martija autoreak bere doktore-tesia (2004) laburtzen du, azken hamabost urteotan Foru Komunitatean berak egindako ikerketa arkeologikoan oinarritua. Azterketa arkeologiko sakona da, Erdi Arotik “Nafarroa” deitzen dugun lurraldearen prospekzio eta indusketen bidez egina. Egindako ikerketa-lanaren arabera, guztira 261 aztarnategi arkeologiko daude —Burdin Aroko kastro eta herrixkak—. Horietako gehienak berriak, ezezagunak dira, eta banan-banan aztertu dira, liburuarekin batera doan formatu digitalean editatutako fitxa katalografikoaren bidez (CD-ROM bat, testua eta irudiak dituzten 1275 orrialderekin).

Lanaren izenburuak edukia kontzeptualizatzen du: iraupen luzeko azterketa historikoa, proposatutako denbora-esparruan populatzearen bilakaerari eta lurralde zabal horretan gertatutako aldaketa-prozesuei buruzkoa. Aurrekariak aztertuta, berreraikuntza historikoa Neolitokotzat eta Brontze Arokotzat (K.a. V-II milurtekoak) jotzen da, baina bastez ere K.a. 1000. urtetik aurrera Europa erdialdeko eremu zeltatik Ebroko harenera iritsitako berrikuntza soziopolitikoetan jartzen du arreta. Jasotako gizarte- eta kultura-ekarpenek habitat- eta populatze-eredu berri bat ekarri zuten (etxe-taldez osatutako herrixka gotortuak, behar bezala urbanizatuta eta oinplano angeluzuzeneko binakako etxeekin). Eredu horrek gizarte itxuraz orekatua adierazten du, baita garapen ekonomiko handia (zereal-nekazaritza nabarmenarekin) eta hileta-erritu berrien agerpena ere (hilotza erraustea). Gizarte-eredu berritzaile hori Nafarroako geografian ezarrita, ibaiertzeko kastro eta herrixka ugari agertu ziren (azken horiek ere gotortuak, Las Eretas bezala) K.a. VIII. mendetik aurrera, bai eta beren hilerriak ere, eta ez bakarrik Erriberan eta Erdialdean, baizik eta Pirinioetako haranetan ere, non ezagutzen baitira ezaugarri horiek zituzten habitatak.

K.a. lehen milurtekoaren erdialdean, mundu orientalizatzailea Mediterraneora irekitako lurralde penintsularrean agertu zen, eta, horren ondorioz, iberiar kultura sortu zen; geroxeago, kultura zeltiberiarra agertu zen Iberiar sisteman eta, ondoren, Nafarroako Ebroko ibaiertz osoan. Gertaera horien ondorioz, gizarte- eta populatze-ereduak aldatu egin ziren; izan ere, K.a. V. eta III. mendeen bitartean, lehen hiri-estatuak sortu ziren Nafarroan, elite aristokratiko gerlariek gidatuak. Horien adibide Castejongo nekropolian lurperatu zirenak dira, zeinek, ikuspuntu politikotik, lurraldea hierarkizatu baitzuten, eskualde-mailan, garrantzi txikiagoko beste herrixka batzuk haien menpe jarrita.

K.a. II. mendearen hasieran Ebroko harana erromanizatzeak ibai horren inguruko zenbait kokaleku lekualdatzea eragin zuen, hasiera batean. Aldi berean, hiri-estatuak beren txanpon indigena egiten hasi ziren, eta, horrela, beren nortasuna indartu zuten hala izenen (Arsaos, Arsakos, Barscunes, Kaiskata, Olcairum, Tirzoz, Uaracos, etab.) nola txanponetan zeuden ikurren bidez, non eta lurralde –Nafarroa– eleaniztun batean (zeltiberiera, aitzineuskara, iberiera eta latina), non lehen iturri idatziek etnia baskoi, zeltiberiar, beroi eta barduliarrak aipatzen baitituzte. Hala ere, Erromako inperioaren garaiko ezagutzen dugun mapa politikoa ez zen K.a. I. mendearen erdialdera arte eratu. Izan ere, mende horretako Erromako gerra zibilen ondorioz, indigenen populatze-eredua behin betiko aldatu zen.

 
Logotipos de Patrocinadores

Miembro de:

Logotipos de Asociaciones Logotipos de Asociaciones