Erakusketa iraunkorra
Antzinako kontserba-fabrikak izan zituen hiru nabeetako bat hartzen du museoak. Oinplano angeluzuzen luzanga eta bi isurkiko teilatua ditu. Museoaren erakusketa-proposamenak bi hauek konbinatzen ditu: ildo nagusi diakroniko bat, ikus-entzunezko edukiaren bidez —ibilbide kronologikoa egiten du Brontze Aroaren amaieratik eta Burdin Arotik lurraldea erromanizatu arte—, eta zeharkako gai orokorrago eta atenporalagoak (populatzea, habitata, gizartea, teknologia, ekonomia, merkataritza, artisautza, sinesmenak, hileta-errituak, etab.).
Museoaren komunikazio-diskurtsoa ibilbide lineal batek osatzen du: 12 gune tematiko hartzen ditu, Las Eretas herrixkaren alderdi ekonomiko, sozial, kultural eta arkeologikoak eta haren aroa, Burdin Aroa (K.a. lehen milurtekoa), azaltzen dituztenak. Gune tematiko bakoitzak azalpen-panel bat du, testu labur batekin eta dagozkion irudiekin —mapak, argazkiak eta marrazkiak—. Beira-arasa bat ere badago, bai Las Eretas aztarnategiko, bai ikertutako Burdin Aroko beste herrixka nafarretako (Cortesko Gurutzearen Gaina, Castejongo nekropolia, Vianako La Custodia) pieza arkeologikoak, originalak biak ala biak, erakusten dituena. Horiek guztiek informazioa transmititzen laguntzen dute.
Hauek guztiak erabiltzen dira baliabide museografiko lagungarri gisa: hasierako bideoa (pantaila erraldoi bat, aretoko edozein lekutatik ikus eta entzun daitekeena); informazio-panel grafikoak (zenbakidunak eta tituludunak, errotuluekin, gaztelaniazko azalpen-testuekin eta hainbat motatako irudiekin); pieza originaletarako erakusketa-euskarriak; hileta-eszenen horma-marrazkiak, formatu handikoak, eszena horiek birsortzen dituztenak; Nafarroako bi aztarnategiren maketa bana, eskalan eginak (kastro bat eta herrixka baten binakako etxebizitzak); indusketa-prozesuan dagoen aztarnategi arkeologiko baten birsorkuntza; Berbintzanari eta Las Eretasi buruzko bideo monografiko bat etengabe emititzen duen telebista-monitore bat; eta, azkenik, kamishibai bat, ipuin baten kontaketa eta ilustrazioaren bidez, duela 2500 urteko herrixka baten ezaugarriak (Las Eretasenak, hain zuzen ere) eta orduko bizimodua ulertzen lagunduko diena haurrei.