Herrixka
Arkeologia-arloko metodologiaren arabera, Las Eretas herrixka "tell" (hondar arkeologikoz osatutako muino artifiziala) bat da. Lautada alubial batean dago, oso eremu emankor batean, hura sortu zuen ibai emaritsuaren ondoan baina uholde-eremutik kanpo kokatuta, zuhurtasunez kokatuta ere. Ia hiru mila urtez bizi izan da jendea han, etengabe (Berbintzanako herrigunearen zati bat haren gainean dago), eta, horregatik, aztarnategiaren behealdea (hau da, herrixkaren antzinako aldia) baino ez da iritsi kontserbazio-egoera egokian gaur arte; ez dira, gainera, aipatu gabe utzi behar indusketa-prozesuan atzemandako intrusio postdeposizional batzuk, bertikalak, ondorio espazial urria ekarri dutenak.
Esan bezala, lautadan kokatuta dago, eta hori ez dator bat Burdin Aroko ohiko kokaleku-ereduarekin; izan ere, altuerako lekuak (gailurrak, muinoak, terraza garaien hegalak edo erliebeak aldapan) hartu ohi zituzten, inguruko herri batzuetako (Mendigorria, Larraga, Artaxoa, Miranda-Arga, Faltzes eta Azkoien) beste aztarnategi garaikideetan gertatzen den bezala.
Bildutako datuen arabera, badirudi Las Eretas herrixka Argaren lautada alubialean ex novo sortu zela, Burdin Aroaren hasieran. Giza talde txiki batek (familia batek, beharbada) sortuko zuen, eskualdeko beste herrixka edo kastro batetik bananduak (hori bat altueran sortua), zeinaren jatorria Brontze Aroaren amaieran ezar bailiteke. Estratigrafia erlatiboak ondorioztatu du ez zela berez sortu, baizik eta biztanleriaren hiri-antolaketa ezartzen zuen aurrez zehaztutako diseinua zegoela. Izan ere, hori baino lehen, etxe-taldea ixten zuen harresia eraiki zen, argi baitago haren gainean zeudela han eraiki ziren lehen etxeak.