Hirigintza-plangintza
Herrixkaren oso zati txiki bat (600 m2-ko azalera, osoaren bostena edo seirena) eta harresiaren perimetroaren 40 metro lineal baino induskatu ez diren arren, nukleoaren hiri-antolaketa defentsa-eraikuntza horrek mugatzen duen oinplano obalak osatzen du; kale nagusi batek egituratuko luke, hego-mendebaldetik ipar-ekialderako norabidean zeharkatzen duenak; oinplano angeluzuzeneko etxebizitzak sortuko ziren kalearen bi aldeetan, eta haien atzealdeak harresiaren barne-paramentuari atxikiko zitzaizkion. Bide horren hegoaldean, kalea zabaldu egiten da, plaza txiki baten gisara, eta, horri esker, bi adar gehitu ziren ipar-mendebaldetik hego-ekialderako norabidean.
Kaleak, herrixka osoak bezala, oro har, bi eraikuntza-aldi argi-argi erakusten ditu, Lehen Burdin Aroan zehar. Beheragoko zoladura (zaharragoa, beraz) azaleratu da, sekzio ertaineko errekarriekin egina, eta, haren gainean, harlauzaz harriztatutako kale ikusgarri bat dago; Bigarren Burdin Aroaren amaieran amortizatuko zen hura. Orain arte, ez da herrixkarako atea edo sarrera aurkitu harresian; beraz, ez ditugu haren neurriak eta ezaugarriak batere ezagutzen. Mota horretako beste herrixka batzuekin alderatuta, oso litekeena da haren perimetroko zailtasun topografikorik handieneko lekuan kokatuta egotea, hots, Arga ibaira ematen duen eraketa geologikoaren ertzaren ondoan, kasu honetan.